Can Ricart ©
2012. urtean, Linguamón – Hizkuntzen Etxearen behin betiko egoitza Poblenou auzoko 22@ barruti berrian kokatuko da, berrikuntza, teknologia, komunikazio, ikerketa biomediko eta energia alorretan diharduten enpresak biltzen ari diren inguruan.
Hiriko inguru hau eraldaketa eta eraberritze prozesu garrantzitsua jasaten ari da. Enpresez, ikerketa zentroz, eta kultura gunez osaturiko sare berri honen eraiketari esker, Bartzelonako barruti hau Mediterraneoko jarduera eta garapen gune garrantzitsuenetako bat bilakatuko da.
Hizkuntzen Etxea Can Ricart fabrika zaharraren eraikinetan kokatuko da: Katalunian kotoia mekanikoki estanpatzeko sortutako lehen fabriketako bat izan zen Can Ricart, Bartzelonako industrializazioaren historian erreferente aipagarria.
Hizkuntzen Etxea kultura zentro bakar eta paregabea izango da, bere jarduera hizkuntzak sustatzera, erabiltzera eta garatzera zuzenduko duena. Herritar guztientzako kultura ekintzak antolatuko dituen zentro berria izango da, baita askotariko profesionalei zuzendutako ezagutzaren eta zerbitzu berrien lantegia ere; izan ere, geroz eta anitzagoak eta eleanitzagoak diren gizarteak kudeatzeko prestakuntza espezializatuagoa eskatzen baitute profesionalek.
Hizkuntzen alde lan egingo duen kultura eragile berriak 7000 m2 izango ditu, ezagutzaren gizartea den barrutiaren erdi-erdian kokatuta, eta hizkuntza komunitateekin, publiko orokorrarekin, adituekin eta eleaniztasunaren zein hizkuntza aniztasunaren baloreak sustatzen diharduten erakundeekin harremanean egongo da.
Gainera, 22@ teknologia barrutian egongo den Hizkuntzen Etxeak, bere izaera berritzaileari jarraiki, hizkuntzei aplikaturiko teknologiak indartuko ditu.
Kultura proiektua
Mundializazioaren prozesuak eragin dituen aldaketa handiek argi utzi dute hizkuntzek garrantzia handia dutela kulturan, gizartearen kohesioan, elkarrizketan eta bizikidetzan, ekonomian eta herrien garapenean.
Planetako hizkuntza ondarearen galera eta gizarteetan eleaniztasunak izan duen gorakada direla eta, hizkuntzak gaur egungo fenomeno gisa aztertzeko interes handia piztu da, ez profesional eta publiko espezializatuaren artean bakarrik, baita orokorrean hiritarrengan ere. Horrela, nazioarteko erakundeek eta mundu osoko instituzioek eta gobernuek hizkuntzekin lotutako proiektu berriak jarri dituzte martxan, gaur egungo beharretara egokituta eta gai berriekiko sentsibilizazioari erantzunez, hala nola, planetako hizkuntzen jasangarritasunari, hizkuntza ondareak iraunarazteari, eta geroz eta anitzagoak diren gizarteen kudeaketari. 2005ean Europar Batasunak Eleaniztasunaren Batzordea sortu zuen eta Nazio Batuek 2008a Hizkuntzen Nazioarteko Urtea izendatu zuten.
Zer egin ahal izango dute hiritarrek Hizkuntzen Etxean?
Linguamón – Hizkuntzen Etxea hizkuntzei eta eleaniztasunari eskainitako zentro tematikoa izango da. Zentroko kultura sormenak eta eguneroko jarduerek hiru helburu nagusi izango dituzte:
Kultura zabaltzea, hizkuntzen mundu anitzaren balioa eta aberastasuna ezagutzeko proposamen eta ekimenen bidez:
• Erakusketak
• Jolas eta heziketa jarduerak
• Ikus-entzunezko edukien ekoizpena eta zabaltzea
Zerbitzu espezializatuak eskaintzea, eleaniztasuna kudeatzeko zerbitzuak eta ekimenak abian ezarrita. Zerbitzu horietako batzuk abian dira gaur egun: Linguamón Jardunbide Egokiak, Linguamón - UOC Eleaniztasunari buruzko katedra, Linguamón Mediterraneoan, Linguamón Erakundeak eta Enpresa, eta Linguamón Behatokia.
Nazioarteko organismo nagusienekin lotura duten eta hizkuntza aniztasunaren eta eleaniztasunaren balioak zabaltzen diharduten mundu osoko zentroekin eta erakundeekin lan eta lankidetza sareak sortzea.
De l'ONU al 22@ (NBEtik 22@ barrutira) - Suplement, El Periódico egunkariaren gehigarria