• Amerindiarra
• Na-dene familia
• Eskimo-aleutarra
Hirurek duela hemezortzi bat mila urte Bering itsasartetik sartu ziren hiru migrazio boladatan dute jatorria, hipotesi kontrastatuenek diotenez.
Familia hauek bere artean oso desberdinak diren hainbat taldetan banatzen dira:
Amerindiar familia izango da, ziur aski, munduko dibertsifikatuena, hau da, hizkuntza azpitalde gehiena dituena: 600 bat hizkuntzek osatzen dute, 100 talde baino gehiagotakoak.
Bi dira dibertsifikazio honen arrazoiak: lehenengoa, lurraldearen ikaragarrizko hedadura, Hego Amerikan, Erdialdeko Amerikan eta Iparramerikaren zati handi batean (beste bi familiek hartzen dituzten sailak kenduta) zabaltzen baitira, eta bigarrengoa, kontinenteko taldeak bereizten zituen isolamendua.
Kontinentearen iparraldean, algonquiar taldea bereizten da arapaho, cherokee eta dakota hizkuntzekin. Erdirago, uto-azteka taldea dugu, komantxe edo nahuatl hizkuntzekin. Andeetan, kontinentean zehar gehien hitz egiten den hizkuntza dugu, kitxua, hain zuzen, 10 bat miloi hiztun dituena; aimara eta maputxea ere hor dira. Guaraniera eta tupiar hizkuntzak ekuadortar-tukano taldekoak dira. Amazonasen bi aldeetan ge, pano eta karibe taldeak ditugu; oso hiztun gutxiko hizkuntzak dituzte, esaterako, kulinera (ge), maruboera (pano) eta panareera (karibea)
Bigarrena, na-dene familia, hain zuzen, Alaskan eta Kanadako mendebaldean zabaltzen da. Hizkuntza bakartu batzuez gain, athapaskar hizkuntzak ditugu hemen, navajoa eta apatxea, besteak beste.
Azkenik, eskimo-aleutar familia kontinentearen iparraldean zabaltzen da, Alaskatik Groenlandiaraino. Eskimo taldean inuitera eta iupikera ditugu.
Amerikako hizkuntza aniztasun ikaragarria urritzen joan da 1492an Kolon bertara heldu zenetik, kolonizazioaren ondorioz. Adibide bat jartze aldera, lehen Brasilen 1.200 bat hizkuntza omen zeuden. Gaur egun, 170 besterik ez dira gelditzen, horietako gehienak desagertze prozesu aurreratuan.
Guaraniera da estatu amerikar oso batean ofiziala den hizkuntza amerindiar bakarra: Paraguain, hain zuzen. Beste hizkuntzek ez dute inongo ofizialtasunik, edo gehienez lurraldearen zati batean koofizialak dira, hala nola, kitxua edo aimara Perun. Amerikar estatu guztiek ofizialtzat europarrek emandako hizkuntza bat edo gehiago dituzte: espainiera, ingelesa, frantsesa, portugesa eta nederlandera.
Europarrek bertako produktuak ere esportatu zituzten, Europan ezezagunak zirenak, eta beraiekin batera beren izenak. Horrela heldu zaizkigu patata (kitxua) edo tomate eta txokolate (nahuatlera) hitzak, adibidez, edo abere izenak, esaterako, piraña (tupiera), eta bestelakoak, urakan (tainoera) edo anorak (inuitera), besteak beste.