Asian, 2.000 hizkuntza inguru hitz egiten dira, hainbat familia osatzen dituztenak; horietako batzuk Asian bakarrik daude, baina beste batzuek kontinentea munduko gainontzekoekin harremanetan jartzen dute. Asiar kontinentean honako hauek daude:
• Altaitar familia, turkiera, mongoliera edo manxuera biltzen dituena.
• Dravidar familia, Indiako eta Sri-Lankako hegoaldean, tamilera eta malayalamera ditu bere baitan, besteak beste.
• Sino-tibetar familiakoak dira txinera, birmaniera eta tibetera
• Familia austroasiarrekoak dira vietnamera, laosera, eta khemerera. Autore batzuek, familia austronesiarrarekin eta thaitarrarekin (thaiera) zerikusia duela eta, talde austriar handi bat proposatzen dute.
• Azkenik, hizkuntza txuktxi-kamtxatkarrak, ia guztiz desagertuak.
Asiako kontinentetik kanpora zabaltzen diren hizkuntza familiak honako hauek dira:
• Afroasiarra, eta bere baitan arabiera, Afrikarekiko lotura inork baino nabarmenago agertzen duena.
• Indoeuroparra, besteak beste, farsi, kurduera, hindi, bengalera, urdu, paxtuera eta nepalera hizkuntzekin, eta uraldarrak, ossetiera, mansiera eta khantiera barne direlarik; hizkuntza aldetik, Europarekiko esteka osatzen dute.
• Eskimo-aleutar familiako iupikerak elkartzen ditu Asia eta Amerika.
• Austronesiarra, eta honen barnean indonesiera, malaysiera, tagaloa edo javanera dira, besteak beste, Asia Ozeaniarekin lotzen dutenak.
Beste hizkuntza batzuk era badira, hizkuntza familia batean sailkatzerik izan ez direnak, ahaidetasun garbirik aurkitu ez zaielako, adibidez: japoniera, koreera, ainuera, giliakera edo buruxaskia.
Hizkuntza eta hiztun kopuruei buruz, berriz, Asian oso egoera desberdinak ditugu. Alde batetik, hizkuntza batzuen azkeneko hiztunak ezagut ditzakegu, Siberiako hizkuntza batzuenak, adibidez, eta bestetik, munduko hiztun gehienak dituzten hizkuntzak ditugu, txinera eta hindia, adibidez. Kontuan hartu behar da munduko hiztun gehienak dituzten bost hizkuntzetako hiru (txinera, hindia eta bengalera) asiar hizkuntzak direla.
Estatus aldetik, Asiako hizkuntza ofizialak estatu gehienetan tokiko hizkuntzak dira. Horregatik, hizkuntza asko bertako beste hizkuntza batek mehatxatzen ditu, eta ez hizkuntza kolonialek, beste kontinentetan gertatzen den bezala. Hala ere, badira estatuak ingelesa edo frantsesa ere ofizialtzat dituztenak. Adibidez, ingelesa hainbat estatutan koofiziala da, hala nola, Indian, Pakistanen eta Singapurren; eta frantsesa, berriz, beste hainbat estatutan onartuta dago, esate baterako, Kanbodian edo Vietnamen.
Asiar hizkuntzek termino asko eman dizkiete munduko beste hizkuntzei, esate baterako, tifoi, te (txinera), jungla, xanpu (hindia), mango (tamilera), karanbola (malaysiera), kaki, bonsai (japoniera), espinaka (persiera), zapata, kiosko (turkiera), lama (tibetera), panda (nepalera) edota mamut (ossetiera), beste askoren artean.