|     Jar zaitez gurekin harremanetan      |     

LINGUAMÓN - Casa de les Llengües

Etorkinen hizkuntzak Katalunian

Hasiera > Hizkuntza-aniztasuna  > Les llengües del món  > Etorkinen hizkuntzak Katalunian

Etorkinen hizkuntzak Katalunian

Les llengües de la immigració a Catalunya

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Katalunian? Zein dira hizkuntza horiek? Azken urteetan Kataluniako populazioaren osaketa demografikoak jasan duen aldaketa sakonena bere jatorri geografikoan datza Orain arte sekula ez ziren mundu osoko pertsonak halako proportziotan elkarrekin bizi izan eta, agian, ez du berriro halako aniztasun linguistikorik izango. Izan ere, pertsonekin batera euren hizkuntzak etorri dira eta, hainbatek hizkuntza betikotzeko adinako hiztun kopurua badute ere, beste hainbat bakarrik edo hiztun gutxirekin etorri dira eta zaila izango da hizkuntza horiek hurrengo belaunaldietara igarotzea.

XXI. mende hasierako Kataluniako hizkuntzen irudikapenean aniztasun handia da ezaugarri adierazgarriena (mundu osoko hirurehun bat hizkuntza) eta, era berean, bi irudi gainjarri eta nahiko zehatz islatzen dira: desagertzeko bidean dauden hizkuntza familiena (khoisan hizkuntzak, txuktxi-kamtxatkarrak, na-dene familiakoak, eskimo-aleutarrak, Australiako hizkuntzak), Katalunian ia ordezkaritzarik ez dutenak, eta etorkinen jatorrietako hizkuntzena, hiztunen kopurua edozein dela ere. Datu hauek arrasto ezabaezina uzten dute, hizkuntza ofizialetatik askoz haratago doana eta Katalunian jaio ez diren kataluniarren jatorria zehaztasun handiz adierazten diguna.

Europako hizkuntzei dagokienean, azken urteetan italierak aurrekaririk gabeko hazkundea jasan du, errumanierarekin eta moldavierarekin batera. Hauexek ditugu gehien hazi diren hizkuntza erromanikoak. Hizkuntza eslaviarren ordezkaritza ere nabarmen hazi da, errusierarena nagusi. Egun Katalunian poloniera, ukrainera, bielorrusiera, txekiera, eslovakiera, esloveniera, mazedoniera, bulgariera eta beste hainbat hizkuntza aurki ditzakegu hizkuntza eslaviarren hiztunen artean. Hizkuntza indoeuroparrekin jarraituz, albaniera, armeniera, letoniera eta lituaniera ere Kataluniako hainbat tokitan entzun daitezke, hiztunen kopurua txikiagoa izan arren. Hizkuntza uraldarren familian samieraren eta finladieraren (suomiera) hainbat hiztun daude, baina azken urteetan gehien hazi diren bi komunitateak estonierarena eta hungarierarena izan dira. Katalunian gehien mintzatzen diren Kaukasoko hizkuntzak georgiera eta txetxeniera dira.

Asiako herrialdeetatik gehienbat Pakistango, Txinako eta Filipinetako jendea bertaratu da azken urteotan Kataluniara. Hauei India, Nepal eta Mongolia gehi geniezazkieke. Mongoliarrak gutxi dira oraindik baina gorakada erregularra izan dute azken urteotan. Asiako hizkuntzen artean asko dira familia indoeuroparrekoak Katalunian eta askok hiztun ugari dituzte. Talde honetan sartzen ditugu, besteak beste, punjabera, marathera, hindia, bengalera, urdua, gujaratera, nepalera, konkaniera eta sindhia. Halaber, talde honetan badira pashtoeraren, persieraren, zingalieraren, kurdueraren eta beste hainbat hizkuntzen hiztunak ere. Katalunian ere baditugu Indiaren hegoaldeko dravidar hizkuntza batzuen hiztunak: tamileraren, malayalameraren, telugueraren eta kannaderaren hiztun-taldeak, hain zuzen ere, baina ez dirudi Indiatik datozenen artean ugarienak direnik. Altaitar hizkuntzak hiru taldetan banatzen dira eta, hainbat autoreren aburuz, koreera eta japoniera ere familia honetakoak lirateke.

Katalunian altaitar hizkuntzen bi taldetako hizkuntzak hitz egiten dira, turkiar hizkuntzak (turkiera, uzbekera, azerbaijanera eta kazakera) eta mongoliar hizkuntzak (khalkhera eta kalmykera). Sino-tibetarra da ordezkaritza aipagarria duen Asiako beste hizkuntza-familia bat,  bai hizkuntza kopuruagatik, baita hiztun kopuruagatik ere. Txinerak bere aldaera guztietan, tibeterak eta birmanierak, besteak beste, hiztunak dituzte Katalunian. Azkenik, talde austriarreko hizkuntzek (vietnamera, laosera, thaiera, khemerera, etab.) ez dituzte hiztun gehiegi, baina izan badira.

Familia austronesiarraren ordezkaritza nagusia (Ozeano Bareko eta Madagaskargo uharteetako hizkuntzak) Filipinetako hizkuntzek osatzen dute. Besteren artean, pangasinanera,  tagaloga, ilokanoa, pampanganera, bikolera, cebuanoera, hiligaynona eta waray-waraya atzeman dira egun arte Katalunian Filipinetako hogei hizkuntza baino gehiagoko talde honetan. Hauei hizkuntza gehiago ere gehi geniezazkieke, hala nola, malagasyera, indonesiera (bahasera), rapa nuia, maoriera, javanera eta malaysiera; hiztun kopurua txikia izan arren, gure uneko hizkuntza ondarearen zati baitira. Kontinente amerikarretik espainiera eta portugesa iritsi dira euren aldaerekin, baita hainbat hizkuntza amerindiar ere, adibidez, kitxua -Ekuadorreko, Peruko, Boliviako eta, beste hainbat herrialdeko hiztunen eskutik-, aimara, maya, nahuatlera, guaraniera, mapudunguna, zapotekera eta shuarera.

Amaitzeko, Afrikatik hiru talde desberdinetako hizkuntzak iritsi dira. Lehen taldean nilo-sahar familiako kanuriera eta songhaiera ditugu. Bigarren taldean, familia afroasiarrarenean, arabiera dugu talde semitikoaren ordezkari nagusi, hebreerarekin eta amharerarekin batera. Tamazighta, Katalunian gehien hitz egiten den hizkuntzetako bat, familia bereko berber hizkuntzen adarrekoa da. Eta hizkuntza afroasiarrekin jarraituz, badira somalieraren eta hausaren hiztunak ere, talde kuxitikokoa lehena eta txadar taldekoa bigarrena.

Hirugarren eta azken taldean niger-kongoarren familiako hizkuntzak ditugu. Talde atlantikoko hizkuntzen artean, fulaniera, wolofera, diolera eta sererera aurki ditzakegu. Mande taldeko hizkuntzen artean, aldiz, diulera, soninkeera, bamanankana, kpellera, vaiera eta mandinkera. Katalunian benue-kongoar taldeko hizkuntzen ordezkaritza nagusia kwa taldeko hizkuntzei dagokie (akwapemera, twia, akanera, fanteera, fongbea, eweera, jorubera, gaera, igboera, etab.). Badira bantuar hizkuntzak ere, historian zehar bubieraren, fangeraren, ewondoeraren eta Ekuatore Gineako beste hizkuntza batzuen hiztunek ordezkatu izan dituztenak. Egun, komunitate handirik izan ez arren, hizkuntza horiei swahiliaren, lingaleraren, kikongoaren, dualeraren eta beste hainbat hizkuntzen hiztunak batu zaizkie.

Generalitat de Catalunya
Casa de les Llengües ©