Mediterraneoko hizkuntzei buruz hitz egiterakoan, zerbait zehaztu behar da Linguamón – Hizkuntzen Etxeak datu-base hau egiterakoan hartu duen erabakiaren inguruan.
Atal honetan aurkituko dituzuen hizkuntzak bi bloketan banatzen dira:
• Mediterraneo itsaso inguruko lurralde hizkuntzak.
• Hainbat prozesu historiko direla eta, Mediterraneo aldean erabiltzen direnak.
Irizpide honi jarraituz, galiziera, bretainiera eta horrelako hizkuntzak ez dira hemen agertzen, beren hizkuntz eremuak ez baitaude kostaldean, nahiz eta Mediterraneoko bi estatutan, frantsesean eta espainiarrean, hitz egiten diren hizkuntzak izan.
Bestalde, ingelesa, esate baterako, gure datu-basean agertzen da, hainbat prozesu historiko direla eta, bai Maltan eta bai Gibraltarren ofiziala delako.
Lurralde ikuspegitik begiratuta, Mediterraneoan hiru hizkuntza familia bereizten dira:
1. Indoeuroparra, hizkuntza erromanikoek, eslaviarrek, hegoaldekoek, grezierak eta albanierak ordezkatzen dutena.
2. Afroasiarra, hizkuntza semitikoek (hebreerak eta arabierak nagusiki) eta tamazight edo berberek (bere aldaerekin) ordezkatzen dutena.
3. Altaitarra, ordezkari nagusia turkiera duena.
Mediterraneoko hizkuntzen historia kontrastez beterik dago, zeren eta, alde batetik, izan diren hizkuntz hedapen gogorrenetako bi jasan ditu, latinarena eta arabierarena, eta bestetik, oso hizkuntz komunitate desberdinen bizikidetzaren paradigma baita.
Munduko beste itsasoetan gertatu izan den bezala, Mediterraneoko itsasbideek oso herrialde desberdinen artean estekak sortzeko balio izan dute. Harreman horien lekukotasuna mundu guztiko hizkuntzetan nabarmen da.
Adibidez: grezierak hitz mordoxka bat du, katalogo, diamante, paper edo tragedia, adibidez, Mediterraneoarekin zerikusirik ez duten hizkuntzek erabiltzen dituztenak. Grezieraren bitartez, egiptoar kulturak munduari papiro edota piramide hitzak eskaini dizkio, esate baterako. Abere izen asko, munduko hiztegi gehienetan azaltzen direnak ere grezieratik datozkigu: balea, gamelu, krokodilo, dromedario, ostruka, hipopotamo, leopardo, errinozero, dortoka... Eguneroko hizkuntzarako hitz asko eman izanaz gain (korda, sandalia), greziera gaur egun ere hitz berriak sortzeko iturria da, neologismoak, hain zuzen ere, eta greziera edo latina abiapuntu hartuta sortzen diren hitzen iturria, kultismoena (telefono, hipokondria, metafisika, heterogeneo, eta abar).
Neologismoak eta kultismoak sortzeko grezierak betetzen duen papera Mediterraneoko beste hizkuntza batek ere betetzen du, latinak, hain zuzen. Mendez mende hizkuntza erromanikoetan dibertsifikatu da hau, kontinente guztietako estatuen hizkuntza ofizial bezala hedatu direnetan. Hizkuntza hauen bitartez lehenengo, eta ingelesaren bitartez gero, munduko bazter guztietara heldu dira auditorium, fantasia edota forum hitzak, besteak beste.
Arabierak ere termino asko eman dizkie munduko hizkuntzei, hainbeste truke egiteko balio izan duen Mediterraneo honen bitartez. Zero, zifra, aritmetika, edo aljebra hitzak eta egunerokotasun gehiagoko beste batzuk, kotoi edo alberjinia, adibidez, gaur egungo hizkuntza askotan aurki daitezke.
Hitzez gain, Mediterraneoko herrien arteko harreman honen lekuko, lingua franca dugu, gurutzada garaitik XX. mende hasieraraino marinel eta merkatari europarrek, turkiarrek eta arabiarrek itsaso honetako portuetan erabiltzen zuten hizkuntza. Mediterraneoko lingua francaren oinarria erromanikoa da gehienbat, baina baditu elementu greziar, turkiar edo arabiarrak ere.
Gaur egun, bi pertsona edo talde edo gehiago daudenean hizkuntza bera hitz egiten ez dutenak komunikaziorako erabiltzen duten edozein hizkuntzari esaten zaio lingua franca. Horrela, arameera antzina, VII. mendean arabierak tokia hartu zion arte, Ekialde Hurbilean eta Mediterraneoko ekialdeko kostaldean erabilitako lingua franca baten adibide garbia da.
Gaur egun, ingelesa da mundu osoan lingua franca; horrez gain, Europatik kanpoko lingua franca batzuen adibide klasikoak nahuatlera, swahili, eta kâte lirateke, hainbat ordezkapen kasu eragin dituztenak.