Helburuak
Katedra honek, eleaniztasuna gizarte eta ekonomiaren garapenerako baliabidea dela abiapuntutzat hartuta, ikerketa, prestakuntza, informazio eta dokumentazio jardunbideak bultzatzen ditu. Helburu hau betetzeko asmoarekin, hizkuntzek eta eleaniztasunak gizartearen mundializazio prozesuan daukaten betekizunari buruz eta jakintzaren hainbat adar kontuan hartuta hausnarketak eta analisiak egiteko gune bat izatea nahi genuke. Arlo honetan akademikoki prestatzeko nazioarteko elkarlanerako beharrezko esparrua ere proposatzen da.
Era berean, bere jomugen artean daude ezagutza sortu eta zabaltzea, eleaniztasunaren onurak areagotuko dituen aldaketak bultzatzeko mugimenduak sortzeko gai izatea eta nazioarteko ikertzaile onenen, unibertsitateko irakasleen eta beste erakundeetako ordezkarien arteko elkarlanerako tresna bihurtzea.
Zuzendaritza batzordea
Katedrako zuzendaritza batzordea UOCko lau ordezkarik eta Hizkuntzen Etxeko bi kidek osatzen dute. Isidor Marí, UOCko Giza Zientzien zuzendaria, da katedra berri honen zuzendaria, eta Miquel Strubell, Hizkuntzei eta Kulturei buruzko Zientzien irakaslea, bere idazkaria.
Isidor Martí Balearretako Filosofia eta Letren Fakultateko irakaslea izan zen. 1980tik 1996ra Kataluniako Gobernuan hainbat kargu bete zituen; zehazki, 1980tik 1988ra Hizkuntza Aholkularitza Zerbitzuko buru izan zen, eta gero, Hizkuntza Politikako zuzendariorde, 1996an Universitat Oberta de Catalunyan hasi zen arte.
Miquel Strubell Kataluniako Gobernuko Hizkuntzaren Normalizazio Zerbitzuko buru izan zen 1980an. Geroztik, Katalanaren Soziolinguistika Institutuko zuzendari, Katalanaren Gizarte Kontseiluko idazkari (aholkua eman eta gizarteak gobernuaren hizkuntza politikan parte hartzea bultzatzen duen organoa), eta Consorci per a la Normalització Lingüísticako zuzendariorde, katalanaren erabilera gizartearen arlo guztietan zaintzen duen erakunde horretako zuzendariorde, hain zuzen, 1999an UOCn irakasten hasi zen arte.
Europako Batzordearen aholkua
Katedra honek Europako Batzordeak eleaniztasunaren aldeko marko estrategikoan proposatzen dituen pausoei jarraitzen die. [COM (2005) 596 final]. Bertan, estatu, eskualde eta hiri eta herrietako gobernuei eleaniztasunaren aldeko neurriak hartzeko eskatzen zaie; besteak beste, eleaniztasunari buruzko ikerketak egitea proposatzen da, hizkuntza eleaniztasunari buruzko katedrak sortuz.